XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) proba gisa, orain arte Engomez familiaren jabegoei buruz idatzi duguna.

Oinetxe honen jabego egiturak, lotu egiten ditu, besteak beste, Altzako bi txoko, Gomistegi eta Uba, Portdeplat eta Sarrueta.

La Herrera

Herrerari buruz ezagutzen dugun lehen aipamena 1500. urtekoa da 41.- Ikus I ERANSKINA, 16. agiria.;, Aro Modernoaren atarian, hain zuzen.

Hala ere, motibo ugari ditugu pentsatzeko Pasaiako badiaren txoko hau aintzinatik okupaturik egon zela.

Artzaiak negualdia igarotzera Irurdita sarobera hurbiltzen zirenetik, bazter hau jende askoren pasaleku eta bizitoki izan da.

Hain zuzen ere, XII. mendean, gaskoinen etorrerarekin batera, leku hau populazioaren kokaleku finkoa bihurtu zen.

Portdeplat dugu, agian, hemengo izen zaharra.

Pasaiako badian, garai ezberdinetan bada ere, port hitza hiru toponimoetan aurki dezakegu: Port de Plat, Port de Laborda (gaur egun Bordalaborda itxurarekin gorde dena), eta Port de Lazon; hau da, port hitza duten toponimoak, badiaren bi muturretan aurkitzen dira.

Ekialdeko muturretik etorriko zaigu lehen notizia.

1203. urtean, Alfonso VIII.a erregeak sortu berri zuen Hondarribiako hiribilduari, Guillelmu de Lazon eta bere lagunak ematen dizkio, Lezo izenarekin ezagutuko dugun lekuan bizi zirenak.

Lazon abizena, geroago, zabaldu egingo da eta San Pedroko elizaren sorreran bizpahiru Lazon aurkitu ahal izango ditugu.

Laborda ere, abizen zaharra dugu, eta bere orubea, Luzuriaga untziola dagoen lekuan kokaturik, Lezori lotuta egon da 1770. urtera arte.

Portu hau oso garrantzitsua izango da Aro Modernoan.

Laborda abizena, Lazon bezala, inguruetan zabaldu zen eta Donostian ere Laborda asko aurkitu ahal izango dugu.

Portdeplat-ek, ordea, Lazon eta Labordarekin gonbaratuz, beste bilakaera ezberdina jarraitu zuen.

Gaur egun, Bidebietan dagoen Guardaplata etxeak, XIX. mendean oraindik Port de Plat deitzen zena, izenari eusten badio ere, ez dugu aurkitu abizen hau gorde duen familiarik.

Zer gertatu zen?

Engomez familian eta Gomistegin bilatu behar dugu erantzuna.

Gure ustez, Pasaiako badian, aurreneko bizileku iraunkorrak badiaren bi muturretan kokatu ziren, Lezon eta Herreran, han egin zitezkeen eta itsasontzientzako babeslekurik seguruenak.

Bi portutxo hauen arteko lotura mendeetan ondo dokumentaturik egon da (emakume batelariena, adibidez), batipat, Hondarribia eta Donostiaren arteko komunikabide bezala.

Port de Plat, denboraren poderioz, Mendiola mendia, baserri bat edota Platako Farola/Faro de la Plata izendatzeko erabilia izango da, baina ez portua.

Portua izendatzeko La Herrera leku-izena erabiliko da.

La Herrera, badiako beste portuak baino lehen, portu txiki bat bezala geratu zen, eta portua delako aipatua izango da behin eta berriro kartografia zaharrenean eta baita agirietan.

Orain esandakoaren adibide 16. agiria dugu, non esaten zaigun nola, 1500. urtean, erregea Errenteriara joateko Herreran untziratu behar zuen.